PATATA EKARRI EBAN AMOROTAR SANTUA

Gaurkoa ez da zuzenean Aulestiri buruzkoa baina patata jaten erakutsi euskun santu amorotar batek merezi dau

Dana, 1882an hasi zan. Urte horretan Lekeitiotik Markinarako bidea egiten ebizen Miloitik, Atxurra inguruan kobazuloa topatu ebenean.

amorotarra 3 (2)
1882-06-19 el noticiero bilbaino

Oraindik izenik ez deukon hau, Atxurrako kobazuloa da, gaur egun be errepidetik ikusteko modukoa. Handia, ederra, ikusgarria…hurrengo egunetan jendearen joan-etorria etenbakoa izan zan. El noticierok ia astero dakar hara joandako jendetzaren eta han egindako erromerien barri (bai, jaiak be egin ebezan).

Halako kroniketako baten, emakume batek idatzi eban Atxurrako kobazuloaren inguruan beste kobazulo batzuk be baegoazela

amorotarra 3 (3)
el noticiero 1882-06-27

Amorotoko kobazulo batean bizi izan zan santo gallego bat, nok patata ekarri eban Amorotora eta inguruetara!

amorotarra 3 (1)
Puntu urdina da gitxi gorabehera Pepetxukoba, Milloiko bidearen azpiko aldean.

Ez nekien ezer  eta Oier Gorosabel  Lekeition bizi dan espeleologoari galdetu neutsen eta honek dana argitu.

2019an, Lekeitioko Kurik aldizkarian Alberto Iturbek  argitaratu ebanez,  Amiaxandikoa etxeak Amorotoko elizan eukan sepulturan, Joseph Diaz de Castro enterratu eben. Joseph hau, ez zan gallegoa, kantabriarra zan, Quijas izeneko herri batekoa.

Joseph solteroa zan eta abade izan barik be kastidadeko botoa eginda eukan.

El noticieroko emakumeak esaten ebanak sentidu apur bat hartzen dau honela; santu fama daukan kanpotarra eta etxerik ez daukona, horregatik beste baserri bateko sepulturan sartu.

Patata jaten erakutsi euskunarena falta da argitzeko. Oier Gorosabelen beste lagun batek  argitzen dau kontua: Euskal Herrira patata Irlandatik ekarri eban 1772an “Real Sociedad de Amigos del Pais” elkarteak eta Bizkaiko eta Gipuzkoako baserri diferenteetan landatu. Gure inguruan baserri asko jauntxo ilustratuenak ziren (Villarreal de Berriz, Adan de Yarza, Colmenares eta abar) eta horregatik pentsatu ahal dogu patata, tomatea eta antzekoak sartu ebezela gure egunerokoan.

Eta Pepetxok jaten erakutsi euskun. Hori bai santua!

Leave a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to Top