- GIZABURUAGA AULESTIARRA
Inoiz entzungo zenduen Gizaburuaga Aulesti izan zala, ba…egia eta guzurra batera!
Izan be, Gizaburuaga izeneko toki bi egon dira; bata Bengola pasatuta eta bestea Bengola pasatu aurretik.
Gure San Anton auzoaren jatorrizko izena Gizaburuaga da. San Anton, izen nahiko barria da auzoari deitzeko; nik lehen aldiz 1835ean topatu izan dot; dokumentazioa zaharretan beti Gizaburuaga deitu izan jako auzoari.
Baserri izenik luzeena be hortik etorriko da “Gizaburuagagogeaskoa” izena izango da; 10 silaba, eta nondik dator nahastea? Kontatzera noiena neure ustea da; ez badozue holan ikusten, esan.
“Gizaburuaga” izena “Idxe” berbatik dator; batueraz eta Labayru hiztegian “Ihi”, gazteleraz “junco” eta “buru” berbatik. Bai Aulestiko kasuan bai alboko herriaren kasuan, Lea errekak zabalgune bat egiten dau hor (Larraine). Zabalgune hori, gaur egun be nahiko urtsua da eta Erdiaroan, sikatu aurretik, urmael edo pantano txiki bat egongo zan hor eta horko landareria tipikoa “Idxe” edo “Ihia” da.
Toki pantanoso horretan ezin zan etxerik eraiki eta horregatik, bai auzoa eta bai herria, erreka baino dezente gorago dagoz; hau da “Idxearen buruan” edo goiko aldean dagoz. Hortik datozela esango neuke izenak eta ez Lekeitiarra pasatu zaneko txiste horretatik.

Horko lehenengo biztanleek “izengura” edo pantanoa sikatuko eben beheko lautadan soloak eta ortuak egiteko. Mendikoetxe, Andiketxeak, Goizko, Bizko…danak goialdean dagoz salbuespen bigaz: Andiketxe barria, XX. mendean egina eta Errementariena, XIX. mendean tokiz aldatutako etxea; izan be jatorrizko Errementariena Goizko eta Bizko artean egoan.
Izen aldaketa
Lehen esan dodan lez, auzoaren izen aldaketa XIX. mendean izan zan eta ermitaren izenetik hartu eben.
Aulestiko elizako obra, abiadura Handiko Trenarena baino luzeagoa izan zan; XVI. mendean eta XVII.enean egin zan. Obra sasoian, 1590 inguruan, Antonio Albiñagorta zan herriko parrokoa. Apelliduak esaten daben moduan, Antonio, Albiñagorta etxekoa zan eta honek, elizako obrako material apur bat erosi eban ermita bat egiteko bere lurretan; eta holan, orduko Lekeitiorako bidearen baztarrean, Albiñagortako lurretan, ermita “limosnero” bat egin eban.
Ermita limosneroak bide baztarretan egoten dira, askotan herriko edo auzoetako sarreretan eta ezagunak dira balaustrak izaten dituelako, goitik beherako burdinak edo egurrak eukitzen ditue barruko santua ikusteko moduan eta barrura limosna botatzek.. Badeukoguz beste ermita limosnero batzuk be, danak bide baztarretan: San Paulo, Madalena, Elizatxu, San Anton.
Gizaburuagako San Antonegaz amaitzeko. Antonio Albiñagortak ermita amaitu ebanean, altarearen atzean enterratzea eskatu eban; ez dakit han segiduten daben.
Lekeitiarraren txistea
Gizaburuaga izenaren jatorriari buruz txisteak be egin izan dira. Gizaburuagako eliza egiten ebizela, hagak egiteko sasoia heldu zanean, konturatu ziren hagarik luzeena izan behar zana, txikiegia zala.
Beste haga garesti bat egiten hasi aurretik, idi buztarria ipini eben alde batean eta beste idi buztarri bat hagaren beste aldean; holan, idiek tiratuta, haga luzatzeko asmoz.
Gizaburuagarrak horretan ebizela, lekeitiarra pasatu ei zan bertatik eta ideia zoroa ikusita Aixa “gixon buru bakuak!” esan ei eban eta hortik ei dator “Gixaburubakuak”.
Ez dakit zer pasatu jakon hagari.