LAPURRAK ETA HILTZAILEAK

Lapurrak, bidelapurrak, bandoleroak beti egon izan dira baina gure inguruan ezagunenak XIX. mendekoak dira.

XVIII. mendearen amaiera gogorra izan zan; hainbat urtetan geldi egon ostean, baserrien eta etxebizitzen ganeko errenta asko garestitu zan.

Eta derrepente inbasio bi, bata bestearen atzetik; ingelesena 1794an eta horren ostean, Napoleonena.

XVIII. mendeko lapurrik famatuena Galdakaon jaiotako Patakon izango zan “ugazabari kendu eta alargunari emon” eta hau baino arinago Tretatxu, Larraurikoa “Bizkaiko lapurren gobernadorea”.

Aurreko biak ez, baina Aulesti inguruan be ibili izan dira bidelapurrak eta era guztietako lapurrak; 1893an gitxienez 5 herritar kartzelan egozan lapurretengatik: batzuk ganadua lapurtzeagatik, beste batzuk bideetan diru-lapurretak egiteagatik.

Bandolerismoa eta lapurrak, miseria eta gosearen seme-alabak dira. Horren adibideak dira Tramazabalatarrak. Jose Tramazabala, jatorriz Ibetakoa zan, etxea galdu eban eta ezer barik geratu eta alabagaz batera, lapurreta txikiak egiten hasi zan inguruetako etxeetan; Garaurren, Solarten (gaur egungo Txaleta), Telletxen eta gehiagotan be lapurretan ibili ziren.

Aita eta alaba Napoleonen kontra ebizan “Bizkaiko boluntarioak” deitutako miliziak harrapatu zituen. Joseri belarria ebagi eutsen eta alabagatik esaten da ez eukala ulerik eta burua tiñaz beterik eukala; biak sartu zituen euren antzera hondatuta egoan Aulestiko kartzelan. Kartzela hau, Udaletxe zaharreko sotanoan egoan (Gaur egungo plazako komunetan). Bilbon egindako epaiketan, Tramazabala 8 urterako desterratu eben.

Eskean ibiltzea eta lapurretak egitea familia kontua bihurtu zan, ze Joseren bigarren semea be, “Lumoko mantxua”, “franceschua” edo “El Francesillo”ren bandan ibili zan.

Simón Uribarren “Francesillo”

Tramazabalatarrak baino beldurgarriagoa izan zan Simón Uribarren “Frantzestxua edo El Francesillo” . “Francesillo” hau Ispasterren hazitako mutikoa zan; maisua izan zan herrian bertan baina bota egin eben, gero militar moduan Riegoren iraultzan ibili zan (1820-1823) eta honen iraultza amaituta, etxera bueltatu zanean lapurreta txikiak egiten hasi zan Lekeitio inguruetako bideetan.

Simonen ama aulestiarra zan, zuberotarra, eta aurretik be auzoa ezagutuko eban ze behin, Zuberogoitia etxean lapurretan egin eben eta etxeari su emon eutsen. Sute horretan etxeko errenteroa hil zan.

Herrian denek ekien berak emon eutsola su etxeari eta errenteroa hil baina ezin frogatu eta aurrerantzean, aulestiarrak Frantzestxua ikusten ebenerako, erne.

Behin, oesteko pelikuletan lez, aulestiarrek bentanetatik lapur-laukotea herrian sartzen ikusi eben; Simón Frantzestxua eta bere bandakoak ziren: Arropaingo anaiak eta “Lumoko mantxua”, Jose Tramazabalaren bigarren semea.

Lauretatik bi saloonean sartu ziren eta beste biak Nareara hartu eben. Narean, Aranguena etxera joan eta etxeko semeari zor eutsona pagatzeko edo bera hil eta etxea erreko ebela.

Antza danez, Francesillo eta Aranguena aurretik ezagutzen ziren. Bata Riegoren aldeko sargentoa eta Aranguena Fernando VII Borboikoaren aldeko “Voluntario realista”. Aranguena preso egoanean Santoñan, Francesillo presondegiko zaintzailea zan eta denpora horretan, Aranguenari jaten eta edaten emon ei eutson eta hori erreklamatzera joan jakon etxera.

Aranguenak ez eutson emon eskatzen eban dirua. Frantzestxuak eta Arropaingo seme gazteak, ilundu arte itxaron eben eta hara non Lekerikara errekaduan joandako Arkoideko morroia agertu zan. Frentzesak eta besteak eukana ohostu nahi eutsela ikusita, morroiak ihes egin eban iluntasunean eta herrira bajatu eta abisua emon eban.

Horren aurrean, Aulestiko alkateak 7 mutil ezkongabe batu zituen (ezkongabeak izan behar ziren, ez galdetu zergatik) eta Simón “Francesillo”ren bila bota zituen. Nabarnizen beste 7 gazte ezkongabe batu jakezan eta danak Simónen atzetik Ispasterrera heldu ziren.

Gazteek “Francesillo” eta lagunak ispasterko bere etxean harrapatu zituzten eta Aulestira ekarri baina herriko kartzelaz fidatu ez eta Bilbokora eroan zituen.

“Francesillo” denpora apur bat kartzelan pasatu ostean libre geratu zan eta libre geratu zanean, Aulestiko miliziaren arduraduna eta bera harrapatu ebenak eroan zituen juiziora.

Aurrerantzean be Frantzestxuak, lapurretan segidu eban, askotan bere andreagaz. Bedaruko maisu be izan zan baina handik be bota egin eben.

Eibarrera joan zan bizitzera eta kartzelara sartu-urten asko egin zituen, lapurretengatik, Arrigorriagan egindako beste hilketaren batengatik, Zaragozara pasaporte barik joateagatik be bai beste baten, lehenengo gerra karlistak ez eutson negozioa errazten.

Ezin dot konfirmatu Gasteizko artxiboak erre egin zirelako baina 1842ko egunkari bateko kronika baten irakurri neban Gasteizen urkatu ebela Simon Uribarren.

14 heriotza gurean

Ezaguna da Etxebarriko “14 heriotzak” bertso-papera. Bertan, Etxebarriko Altzibar baserrian ostatu emon eutsen lapur batek egindako hilketa kontatzen da.

Lapurrak ez ziren pelikuletan ikusi doguzan Robin Hoodak; aberatsek lapurtu beharrean euren antzeko pobreak lapurtzen zituen. Frantzestxua eta bere sokakoak horren adibide.


Etxebarrin Jose Larrañagak egin ebanaren oso antzeko bat izan zan 1847an Zuberoko Itza etxean.

lapurrak 1
La España 1854-4-29

Lapur laukote bat sartu, etxekoandrea hil eta alaba bortxatu ostean diruekin ihes egin eben. Holan agertzen da “la España” egunkariko kronikan.

Etxebarriko hilketetan (mendarokoa zan) lez, hemen be lapur-hiltzaileak bertokoak ziren: Ziortza-Bolibar, Markina, Amoroto.

Eta ihes agiten ahalegindu ziren arren, arratsaldean bertan harrapatu zituzten Munitibarren.

Periodikoak esaten dabena egia bada, telebisioko serietan baino arinago konfesatu eben. Ez dau aitatzen epaiketarik egon zanik . Eta Markinan hil ebezan 1848ko urtarrilean

Kronika leiduta, ez da argi geratzen zer pasatu zan beste lapur biekin.

Eta etxekoekin be ez dakigu baina hurrengo urtean, ez ziren Itza baserrian bizi.

Scroll to Top