Gaur, gerrako kontuak; aspaldiko gerra batekoak; beharbada protagonistetakoren bat entzuna izango dozue.
1873an izan zan, 150 urte pasatu dira kandelario egunean, elurte handi bategaz, Manuel Santa Kruz abade gipuzkoarra eta bere partida Aulestin sartu zanean.

Santa Kruz abadea, bigarren gerra karlistako pertsonaia da. Argazkian, erdian agertzen da eta eskuetan eskopeta barik makila deukolako ezagutuko dozue.
Karlistak altxatu zirenean 1872an, Santa Kruzek lagun talde bat batu eban eta gerra bere kontura egitea erabaki eban abade gipuzkoarra izan zan. Bere aidera zebilenez, danakin haserretu zan bai karlistekin bai liberalekin.
Kandelario egunean, edurtza handi baten erdian gurean agertu zirenean, jai bat izan zan. Aulesti herri karlista izanda, Santa Kruz eta bereak heroi modura hartu zituzten; arkupeetan jaten emon eta ohea prestatu eutsen eta alboko Ganboa etxean, abadearen etxean egin eban lo partidako buru santa Kruz abadeak.
Baina Manuel Santa Kruzek Isabel II. erreginaren aldeko liberalak eukezan segika. Horregatik, herrira sartu aurretik, Goikolaetxebarrin utzi eban morroi bat bigia modura. Hurrengo goizean, San Blas egunean, zaintzaile honek abisua emon eban; Munitibartik soldadu liberalak etozela.
Arkupetako kanpamentua bizkor altzau eta soldadu liberalak Errebidara heltzen egozela, Santa Kruzenak beheko iturritik urruntzen.

Santa Kruzek aukera bi eukezan; Lekeitio aldera jo edo Ondarru, Markina, Berriatua aldera egin Antzidorko zubitik eta bigarren aukera hau hartu eban.
Kronikak dinoenez, Karlistak zubia pasatu eben eta tokiak hartu ebezan soldaduak heltzen zirenerako.
Negua gogorra izatean ari zan eta elurraz gain, Lea erreka hazita etorren. Soldadu liberalak ezin ziren errekatik pasatu eta ezta zubitik be, beste aldean Santa Kruzen gizonak egozelako. Eta inguru guztian, herritarrak begira edurtzan. Goiz horretan Aulesti guztia batu ei zan Antzidorko bataila ikusteko.
Tiro batzuk egon ei ziren baina soldadu liberalak konturatu zirenean alperrik ebizela, Aulestira erretiratu ziren deskantsatzera, gau osoa martxan etorri zirelako.
Santa Kruz abadearen mutilak IOndarrurantz hartu eben eta hurrengo egunean Deban sartu eta su emon eutson Debari.
Antzidorko bataila haretan ez zan zauriturik izan baina herriko parrokoa hil zan bihotzekoak jota.
1834ko apirilaren hasieretan, Mendatatik etorrita, 3.000 karlista sartu ziran Aulestin. Euren atzetik Baldomero Espartero brigadierra etorren, 2.000 soldadu liberalegaz.
Holan sortu zan daukagun lehenengo irudia: “Acción de Aulestia” izeneko grabatua. Villegas izeneko batek egin eban eta Panorama Español aldizkarian agertu zan.

Santa Kruzek denpora gutxi egin eban gurean baina Ugalde izeneko alkatea liberala epaitzeko astia izan eban. Batzutan Aulestin fusilatu ebala esaten dan arren, Arratiara bialdu eben (ugalde alkatea jatorriz arratiarra zan) eta hango junta karlistaren aurrean agertu behar izan eban. Gerra amaituta Aulestira bueltatu zan eta alkate aukeratu eben barriro.
Esan dodan lez, Santa Kruz txarto konpontzen zan mundu guztiagaz, baita karlistekin be. Azkenean Lizarraga general karlistak atxilotu egin eban eta Karlos erregeak Jamaikara eta gero Kolonbiara bialdu eban misionero. Han hil zan, Paston, 1926an trabukorik erabiltzen ez eban gerrilari odoltsua.
Hemengo kronika hau Xabier Azurmendiren “El cura Santa Cruz” liburutik hartu dot.