Historian orokorrean eta Aulestiko historian be, andrazkoen presentzia anekdotikoa izan da. gitxi agertu izan dira eta Aulestia familian agertzen diren andrazkoak gitxi dira baina esanguratsuak.
Aurreko asteetan Juan Francisco Aulestiak idatzitako “MEMORIALA” jarraituko dogula esan gendun hor kontatzen direlako Torreko familiaren hainbat eta hainbat kontu. Aulestia familia “zehetzen” hasi garen honetan, ondo dago “MEMORIALEAN” agertzen ez direnak be ezagutzea. Kuriosoa da baina Juan Francisco Aulestiak ez ditu ia aipatzen familiako andrazkoak eta behintzat hiruk inportantzia handia euki eben.
Toda Ortiz Aulestia
Gure historian agertzen dan lehen herritarra, andrazkoa zan; Toda Aulestia. Toda, Torreko alaba zan eta Eneko Lopez Ezkerra Bizkaiko kondeagaz (Jaurerri izan aurretik Bizkaia kondadua izan zan) ezkondu zan.
Interneten topatu ahal danez, Toda 1.000 urtearen inguruan jaio zan eta Fortun Sanchez Aulestiaren alaba zan.
Toda eta senarra emotzaile handiak ziren eta paperetan donazioak egiten agertzen dira: Gaztelugatxeko San Juan famosoa, Hueskako San Juan de la Peñari emon eutsen; Busturiko elizaren hamarrenak Arabako obispoari, Busturin eta Gorritizen lurrak San Millan de la Cogollari… Bueltan itxarongo eben zer edo zer.
Ez dakigu berataz gauza handirik baina Bizkaiko pertsonarik inportanteenagaz ezkonduta egoan eta arraroa egiten dan arren eta abizenak esaten deuskunez, X. menderako baegoan Aulesti izeneko etxe bat. Neurri baten harrigarria be bada hori. Juan Manuel Gonzalez Cembellin erdiaroko historiaz asko dakien historiadorearen esanetan, Aulestia torrea ez ebelako XII. mendera arte egin.
Ana Aulestia
Urteak beranduago, 1600 aldera, Ana Aulestiak sortu eban zeresana. Ana ezkondu zanean, bere amak, Marina Aulestia Torreko ugazabak, Ibekatx torrea emon eutson ezteguetako erregalu moduan.
Pozik bizi izango zan Ana Ibekatxen harik eta ama Marina hil zan arte. Orduan, bere nebak, Aulestia Torreko ugazaba barriak, Ibekatx Torrea, Aulestia torrera bueltatzeko eskatu eutson. Anak ezetz eta epaiketaren ostean, Ibekatx Ana Aulestiarentzat geratu zen. Orduan banatu ziren Ibekatx Torrea eta Aulestia torrea.
Ez zan izan gure Anak eta bere ama Marinak Torreko beste aulestiatarrekin eukin eben jaleo bakarra. Elizako sepulturen kontura eta zer zan norena erabakitzeko be epaiketetan ibili ziren parienteekin.
Maria Oca Aulestia
Aulestia familiaren “amaiera” be epaiketa batek emon eban.
Orain 250 inguru Juan Tomas Aulestia zan Torreko ugazaba. Juan Tomasek ez eban seme-alabarik eduki bere ezkontzaren barruan baina bai sasiko bat: Fernando.
Juan Tomas hil zanean, Fernando egin zan Torreko jauna baina orduan Juan Tomasen loba batek, Maria Oca Aulestiak, Fernando Aulestia bere lehengusuaren kontrako epaiketa hasi eban. Arrazoia, Ez zala legitimoa, sasikoa zala eta sasikoek ezin ebela holako linaje bateko abizena eroan eta ezta Torreko jauna izan. Honan kontatzen dau Aulestiatarren kronikak:
“Pero desaparecida la linea legitima y aunque este último sostuvo sus derechos al mayorazgo de Aulestia, este recayó en la casa solar de Mugártegui, debido a que la hermana legitima de don Juan, doña Teresa, casada con Fernando Oca tuvo una hija llamada Maria Oca Aulestia que caso con Pedro Fernando de Mugártegui quienes tuvieron un hijo llamado Pedro Jose que caso con Maria Antonia de Hormaza”
Maria Oca Aulestiak epaiketa irabazi eban eta Torrea beretzat geratu zan. Maria Oca Markinako Mugartegigaz ezkonduta egoanez, Torreko etxea XX. mendera arte Mugartegi etxearena izan zan.