Herriaren sorrera, izena eta gure jauntxoen ibiliak eta eginak misterio bat izaten segiduten dabe. orain dala pare bat urte “MEMORIAL” izeneko idatzi bat topatu neban artxibo baten. Hortik tiretuta, datozen asteetarako kronikak egin ditut.
Datozen asteetan kontatuko dodana, 1685ean, Juan Francisco Aulestiak idatzitako izenburu luzeko “memorial” honetatik atara dot:
“MEMORIAL QUE LA FALTA DE PAPELES Y NOTICIAS DE LAS COSSAS PASSADAS DE MIS ANTEPASSADOS ME OBLIGA A HACER AMI, DON JUAN FRANCISCO DEAULESTIA ULTIMO DUEÑO DESTA TORRE SOLAR DE AULEZTIA ASSI DE MIS ACCEDIENTES COMO DE PAPELES QUE HE HALLADO EN DICHA CASSA PARA QUE HAYA ALGUNA NOTICIA EN TIEMPOS BENIDEROS”
“Memorial” hau, Markinako Mugartegi familiaren artxiboetan dago. Bertan, Juan Francisco Aulestiak, familiaren historia kontatzen dau berak bizi, entzun eta bere aurrekoen dokumentu zaharretan topatutakoa.
“Memoriala” egiz eta mitoz beterik dago eta asmoa argia da: Aulestia familiaren izen ona eta ondasunak gordetzea.
Apurka joango gara ikusten baina gaur izenaren nondik norakoa kontatzea eta Aulestia familia Bizkaiko jauntxoen artean kokatu nahi dot.
“Memorial”ean agertzen dana ontzat hartzen badogu eta Juan Franciscoz fidatzen bagara Aulestia Muletegi inguru zabalagoaren zati bat izango litzateke. Ondorengoa hainbat aldiz agertzen da memorialean:
“este es el traslado de una mem de coronica deste Linaje desta cassa y solar de Auleztia que es solar de Mumulutegui”
Memorialean eta 1532ko elizako sepulturen banaketan “Mumulutegui” agertzen da.
Halandabe, gure jauntxoen jatorrizko abizena “Urkiza” zan; holan esaten dau Lope Garcia Salazarrek bere liburu famatuan. 1
Urkizatarren jatorrizko etxea, esango neuke Angiz (Arrangiz izen zaharra) zala. Halako baten, XII. mendean2, “Urkiza” familia hau konturatu zan San Antonen baino negozio aukera hobea egoala pare bat kilometro gorago eta etxea egin eben “Aulestia” izeneko toki batean “Mumulutegui”ko parajean.
Erdiaroko Bizkaiko politika leinuetan antolatzen zan, hau da familia handiagoen barruan nahasten ziren familietan eta gure Urkizatarrak-Aulestiatarrak noren parienteak ziren ikusteko, Bizkaiko gaur egungo armarriak ezagutzea ondo dago.
Aulestiko Urkizatarrak leinurik zaharrenetakoak dira eta euren armarria hau da

Harmarri hau nahiko diseinu modernokoa da baina Urkizatarren etxea zan Angizko Torretxuk Aulestia familiaren harmarri bardina dauko.

Urkizatarrak Aulestira joan zirenean bizi izaten, izena aldatu eben, azken batean etxea egin eben tokiak emoten eutselako izena (Aulestia) baina armarria mantendu eben.
Urkizatarrak eta Aulestiarrak Busturialdeko jauntxo-familiekin nahasteko joera handia erakutsi dabe; behin eta barriro ezkondu ziren Arteaga, Albiz (Mendata), Mezeta (Lumo) eta abarrekin eta danak Muxika-Butron makrofamiliaren barruan, bakoitzaren harmarriek esaten deuskuenez.


Honegaz danagaz lotuta, gauza kurioso bat




- Goiko ezkerrekoa Munitibarko Udalak erabiltzen daben armarria da.
- Goiko eskumakoa Aulestiko Udalak erabiltzen daben armarria da.
- Beheko ezkerrekoa Munitibarko elizan dagoena eta Munitibar jauregian egoan armarria da
- Behean eskuman, Aulestia torrean dagoen aulestiatarren armarria
Gure armarria ez al Munitibarrekoaren antzekoagoa?
1 Istoria de las bienandanças e fortunas
2 Juan Manuel Gonzalez Cembellin eliz-museoko zuzendariak aho esandakoa.