CHARROALDE MAISUA

Hiribildua edo Villa, titulu bat da; Nafarroako erregeek edo Bizkaiko jaunek, herri jakin batzuei emondako eskubideak eta erreztasunak; Bizkaian 21 dira eta gure inguruan Ondarroa, Markina, Lekeitio, Gerrikaitz, Gernika, Errigoitia…

 “Uri” “Hiribildu” edo “Villa” edo “Pueblak” arkitektura jakin bat deukee; kaleetan antolatzen dira;  etxeak bata bestearen alboan dagoz eta bata bestearen aurrean eta batzuetan harresiak edo murallak daukeez.

Hiribildu eta Pueblaren arteko ezberdintasuna, legala da batez be. Hiribilduetan bizi zirenek pribilejio jakin batzuk eukezan;  abantaila ekonomikoak eta juridikoak eta Horrek aberastasun handiagoa, gizarte modernoagoa eta politikoki egonkorragoa eta antolatuagoa esan nahi eban. Epe luzera, gure inguruan ikusten danez, arrakasta handiagoko modeloa izan zan.

Gure inguruan Bolibar edo Mundaka Puebla dira eta Javier Enriquez (Aulestiri buruzko liburu gorria egin ebana) historiadorearen arabera Lekeitio eta Ondarroa be “Puebla” izan ziren uria izan aurretik.

Enriquezek esaten dabenez Pueblak XII-XIII. mendeetan egindako “gune komertzialak” dira. Inguruotan bizi zirenek (gure auzoetakoak), errepide nagusien puntu jakinetan eraikitako espazioak euren janariak, erregaiak, garraioa, zerbitzuak saltzeko asmoz.

Gune honeek “puebla” izena hartu eben hasieran, ondoren, Bizkaiko jaunaren politika ekonomikoaren arabera, “Hiribildu” izateko eskubidea lortzen eben arte.

Arkitektura

Pueblek eta Hiribilduek arkitektura bardina deukee normalean; 3 kale paralelotan jarritako etxeen multzoak dira.

markina
lekeitio

Markina                                                                                                                                                                                 Lekeitio

gerrikaitz

Gerrikaitz

Ezaguna da baita be Bilboko jatorrizko 3 kaleak (Somera, Artekale eta Tenderia) eta gero lehenengo zabalkundearen ostean 7 bihurtu zirenak.

Aulesti

Aulestik be hori nahi eban, hiribildua izan eta prozesu horretan, 3 kalez osatutako hirigintza eredu bat sortu eban

aulesti

Kasu honetan, kaleak hiruki edo triangulo bat sortu eben. Kaleen hasiera, Torrezelain izango litzateke; hortik urteten eben 3 kalek: 1.-Eliz kale, 2.-Aulestia kalea eta inoiz garatu izan ez dan 3.-erdiko kale bat..

Torrezelain kaleen arteko distantzia 35 metro da eta jatorrian etxeen zabalera be araututa egongo zan.

Uri edo Villa batzuk muralla izan dabe eta Aulesti be prest egoan muralla ezartzeko. Muralla honen zeregina hirbildua edo Villa mugatzea zan, horren barrukoek eukezan eskubideak zaintzeko. Babes juridikoa eskaintzen dau.

Harresi honen azken arrastoa Basabeko aparkalekuko horma da eta honek osatzen daben “errondabidea”

Hiribilduen beste ezaugarri bat “Errenteriak” izatea da. Errenteriak, produktuak saldu nahi ebezenak “errenta” pagatzeko etxea zan. ; Gernikan auzo bihurtu zan, Lekeitioko sarreran, etxe bat egoan Errenteria izenekoa…Aulestin be bahegoan Errenteria bat, Villa edo Hiribildua izango zanaren amaieran, “Torrebeia” izeneko etxea (Aulestia 10, ) Cembellin adituak ahoz esandakoaren arabera, Aulestia familiaren  etxea zan Lekeitiora edo Lekeitiotik produktuekin sartzen zirenei errenta kobratzeko .

Horma edo harresi juridikotik kanpo geratzen ziren Aulestia torrea, eliza nagusia (sasoi honetan San Esteban), gaixorik zetonentzako ospitala (gaur egungo beheko iturrian) eta arrabalak: Ibeta, Solaguren, Garaur, Alegria eta Basabe.

Zer pasatu zan?

Ez ebala inoiz lortu hiribildu izatea; ez dakigu zergatik baina ez eban inoiz lortu pribilegio hori eta horregatik, ez zan aurreikusitako kaleak betetzeko lain lagun heldu.

1366an inguruan, kostaldeko uri edo Villa asko sortuta egozan (Lekeitio, Ondarroa…) eta Don Tello (Gernikako udaletxeko plazan dagoen hori) apur bat barrurago beste batzuk sortzen hasi zan; Gernika sortu eban Oka errekaren erdialdean eta Gerrikaitz Lea errekan. Nik uste (eta hau nire pentsamendua da) Aulesti eta Gerrikaitzen artean egongo zala kontua eta Gerrikaitzeri emon eutsola pribilegioa (kaguen!)

Hiribildua izateko ametsa galduta, denboragaz, Elizkalea apur bat garatu zan baina gitxi. Danok dakizuenez bakarrik 3 etxe dagoz kaleko etxeen arkitektura daukeenak (Mulutegiko etxeak Elizkalean).

Erdiko kalea hutsik geratu zan, ez da inoiz ezer eraiki hor.

Eta azkenik, gehiegi garatu zan Aulestia kalea. Lekeitiorako bide nagusia hemendik pasatzen da eta zerbitzu guztiak hemen jarri ziren.

Aulestia auzoaren hiribildu izateko ametsari errematea pentsetan dot 1366an emon jakola, Bizkaiko jauna zan Don Tellok (Gernikako udaletxeko estatuan dagoenak) Gernikari eta batez be Gerrikaitzeri hiribildu titulua emon eutsenean.

1450 inguruan izan zan suteak erakusten dau esperantza guztiak galduta eukezela. Izan be, sute honek hiribilduaren erdiko alde guztia erre eban, esaten da 25 etxe erre zirela eta hiribildu diseinu guztia hankaz gora jarri;  Sutearen ostean geratu zan espazio hutsean, Aulestia familiak eliza erraldoi bat egitea pentsatu eban, Argiñeneko etxea egin zan eta plaza bat sortu. Apur bat geroago Ibañez Aldekoa jauregia be egin eben eta beranduago udaletxea.

Enriqueta Sesmero, Javier Enriquez: Estructuración del territorio en la Bizkaia medieval (UNED)

Leave a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to Top