RAMONA CALLE

Edorta Jimenez mundakarrak bere “Aizkorak eta gutunak” bere azken liburuaren aurkezpenean esan dabenez, Almike auzoko Joxepa izan zan Bizkaiko justiziak hil eban emakume bakarra. Ez dabil zuzen. 50 urte arinago, Gernikako plazan Ramona Calle aulestiarra be hil eben.

Ramona Calle Bengoetxea aborto bategatik hil eben Gernikan 1775ean; 26 urte eukezan.

Ramonaren aita taberneroa zan, Calle etxean bertan, gaur egungo Zarrabenta taberna; eta ardau kontuetan karretero zebilela, derrepentean, Zeberioko Olabarri auzoko tabernan hil zan.

Euran bizilekua zan Calle Txantonena etxean, alarguna eta 6 seme-alaba txiki utzi ebazan; tartean 10 urteko Ramona.

ramona calle 1

Ojangurenen argazki honetan, Calle Txantonena, Ramonaren etxea zana.

Ramonaren neba-arrebak etxetik joaten hasi ziren eta denporagaz Ramona, 70 urteko ama alargunagaz geratu zan Aulestiko kalean; beste asko lez miseriaren mugan, errekadu txikiak eginaz, marraga apur bat, soloetan lagundu ..baina beti be nahiko justu.

Egunen baten, Ramonak Pedro Bereikua Berriatuarra ezagutu eban. Bereikua, 52 urteko ikazkina zan, ezkondua eta batetik bestera ibiltzen zan bere beharrak halan eskatzen eutsolako. Ramona eta Bereikua harremanetan hasi ziren eta hor ba, Ramona umedun geratu zan.

Esan behar da XVII, XVIII. mendeetan ezkontzaz kanpoko ume asko izaten zirela; gure arbola genealogikoak begiratzen badoguz, danok deukoguz sasiko parienteak “hijo/a natural” moduan agertzen direna.

Javier Enriquezek Aulestiri buruzko liburu gorrian esaten dabenez, sasikoak ohikoak ziren XVIII. mendean, miseriatik urteteko modu bat be bazelako emakume pobre askorentzat. Aita biologikoak umea onartzen baheban, adin batera arteko mantenua ziurtatzen eutson eta horregaz, familiak be laguntasuna eukan.

Ez dakigu nahita edo nahi barik baina gure Ramona umea eukitzeko geratu zan eta holan esan eutson Bereikuari baina honek ez eban onartu, esan eutson ez zala umeaz arduratuko eta hor konpon.

1773ko egun baten, Gizaburuagatik (gaur egungo San Anton) meza nagusira etozela, ikaratuta ikusi eben Antzidorko zubiaren baztar batean guztiz osatu bako ume baten fetoa. Ikaratuta joan ziren herrira eta laster zabaldu zan notizia.

Autoritateak fin hasi ziren ikertzen eta laster kargutu ziren umea Ramonarena zala. Interrogatorioan, laster konfesatu eban neskatoak baietz, auzoko umeginaren laguntzagaz abortatu egin ebala eta umea bota ebala han.

Umegina Antonia Artadi zan, partera eta kurandera ibiltzen zan eta honek be onartu eban belarrekin eta estainuzko plater beroak tripan jarrita abortoa probokatu eutsola Ramonari. Ama-alabak eta auzoko emakumea atxilotu ebezan.

Epaia argia izan zan, Ramona heriotzera kondenatu eben, bere ama Catalina Bengoetxea 8 urterako Zaragozako emakumeen kartzelara bota eben, Antonia Artadi partera 3 urtera kondenatu eben eta Pedro Bereikua libre geratu zan moralari buruzko bronka bat entzun ostean.

Edorta Jimenezek Almikeko hiltzailearen kasuan lez, emakumea, pobrea eta euskaraz besterik ez ekiena izateak ez eutsen asko lagunduko epaiketan zehar ama alabei.

Eta beste alde batetik, atentzioa deitzekoa da, Antonia Artadi parterak bahekien abortuak praktikatzen; ez zan lehenengo aldia izango.

1975eko egun baten, Ramona, baltzez jantzi eben eta kapela (sanbenitoa esaten jakona) bategaz Gernikan zehar paseatu eben jendeak iraintzeko eta txistukatzeko. Ondoren garrotea emon eutsen.

sanbenitoa

Leave a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to Top