GURE ELIZAK S.A: Hirugarren parrokia. Plazakoa

Errege katolikoekin parkamen moduko bat etorri zan; banderizoak asko trankildu ziren eta Muxika-Butroi familiak eta eurekin Aulestiatarrak Kastillako gerretan irabaziko ebenaren alde jartzen jakin eben.

Holan, obispoaren hilketak eta beste txikikeria batzuk ahaztu eta parkamen moduko bat heldu zan aulestiatarrentzat.

Eta negozioak berreskuratzeari ekin eutsen. Horretarako, 1528an eurek ondo kontrolatzen eben Aulesti auzora eliza barriro ekartzea lortu eben.

Negizo honetarako familia zabala batu zan: Aulestiatarrek bazkide kapitalistak lortu ebezan, Muxika-Butroi makrofamilia eta Ciudad Realeko dukea, hau be Muxika Butroi makrofamilia horretakoa.

Hiruen artean, abiadura handiko trenaren obrak baino luzeagoak eta nahastosoagoa izango zan obra baterako dirua ipini eben.

Hiribildua edo Villa izateko proiektua atzean utzita, ez egoan kaleen diseinua errespetatu beharrik eta XV. mendeko sute handi batek erretako 25 etxek utzitako tokian, sepulturen banaketa egin eben eta horren ganean eliza egiten hasi.

Lehenengo momentutik Ibarrola eta hainbat auzotako bizilagunak eliza barriaren kontra agertu ziren. Epaiketa be egon zan eta Zaragozako eliz Artxiboan, 125 herritarrek hasitako epaiketa espedientea dago.

Plana zan, herritarrek auzolanean, bakoitza bere idiekin arituko zala harria ekartzen Lezatetik, Atxirridia izeneko toki batetik. Ez dakit zein dan kantera hau baina Baztarretxeko etxearena izan da eta ez dakit non dagoen.

Murelagako eliza eraitsi egin eben eta bertako materialagaz, Aulestiko elizaren zutoinak egin ebezan.

Baina laster hasi ziren arazoak. Bata bestearen atzetik zetozen gerra eta peste izurriteak, behin eta barriro gelditzen eben obra. Gainera, Butroi familiari dirua soltatzea kosta egiten jakon, behin eta barriro, obrako arduradunekin epaiketak izaten ziren.

Obrako arduradunek be eliza egiterako orduan asmatu ezinik ebizan. Arazo handiak izan ebezan, batez be torreagaz; azpiko lur bigunek oben egiten eban eta behin, erdi altxatutako torrea, jausi egin jaken.

1600eko peste izurrite gogorra pasatuta, abiadura apur bat hartu eban, teilatua jarri eutsen, torrea amaitu eben, herriko artista batek, Martin Basabek, egindako lehenengo erretaula jarri eben…

oraingoa arazoa patroeingandik etorren. Aulestia familia azkenetan egoan; botere asko galdura eta Ciudad Realeko dukea be ez zan askoz hobeto ibiliko. Herritarrek hamarrenak pagatzeari uko egin eutsen elizan inbertsiorik egiten ez zalako.

XVIII. mendean aldaketa eta inbertsioen aurrean, herritarrek eurek jartzen eben dirua. Erretaula barrizteko gogoa luzaro izan eben eta dirua biltzen ari ziren XVIII. mendeko lehenengo erdi osoan, harik eta 1754an Perutik, herritar batek dirutza bialdu eban arte erretaula barrizteko. Baina hori beste kontu bat da.

Leave a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to Top