BIGARREN ARAZOA: ARGIÑENEKO ESKOLA
Argiñeneko etxea konpondu eben eta 1862an hasi zan lehenengoz neskentzako eskola. Baina eskolaren egunerokoa gorabeheratsua izaten segidu eban. Basilisa Perez Gil maistrak diño bera gaixorik dagoela etxeak ez dabezalako gitxieneko osasun baldintzak betetzen eta proposamena egin eban Frailiena izeneko etxe barri dotore eta handira aldatzea; bera berba eginda egoan Francisco Goxeaskoetxea fraileagaz eta hau prest egoan berak oraintsu egindako etxean nesken eskola jartzeko.
Pentsatu behar da Aulestiko Udalekoek ez ebela denbora asko emon proposamena atzera botatzen: Frailien etxean errenta pagau behar zan eta Argiñeneko etxea beste 5 urterako emon eban doan Gregorio Ibañez idazkariak.
Baina eskolaren egoera txarrarena egia izango zan, ze hurrengo urtean Benita Sanjuan Benito izeneko maistra barriak, lokalaren egoera deskribatzen dau: eskonbroak dagoz, gabaz tximinia zatika jausten da, balkoia apurtuta dago, ateak aseta, behea ladrilluzko da eta neskak ortozik etortzen dira neguan.
Azkenean be Udalak obrak egitea erabaki eban; etxea garbitu, ola josi, kristalak ipini, ate-bitarteak tapatu, balkoia konpondu eta leiho txiki bat atara Pereaneko ortura begira.
Baina garbi egoan Aulestiko Udalarentzat nesken eskola burukomin handia zala eta aukera on baten zain egoala kentzeko. Laster ailegatu jakon. 1873an, II gerra karlista sasoian, beste eskutiz bat idatzi eutson Foru Aldundiari: nesken eskola ixtera doala esanez.
Gerra sasoia zan, herriko sarrera guztiak trintxera eta parapetoz beteta egozan, Santa Kruz apaizak Ugalde alkate liberala Arratiara bidali eban; soldaduak gelditu be egin barik ebizan hara eta hona eta herriak abarkak, koltxoiak, ganaduentzako janaria, soldaduentzat ardaua, ogia, okela eta antzekoak emotera behartuta egoan. Ez zan nesken eskola mantentzeko dirurik geratzen.
Ez dakigu egoera honek noiz arte iraun eban baina Foru Aldundiak derrigortuta edo, nesken eskola barriro martxan jarri eben; horretarako eta Gerrak sortutako zorrei erantzuteko, Udalak herritarrei dirua eskatu eutsen urteko %4ko intereseragaz…50 urte beranduago zorrak ordaindu ezinik ebilen oraindiño.
Baina Eskola barriro hasi zanean, aurreko arazo bardinekin jarraitzen eban; euren artean maistrek aguantatzen eben denpora gitxia; dozenaka maistra pasatu ziran lehenengo urte honeetan; adibiderako Cristina Arriola maistra berriatuarrak pare bat hilabete aguantatu eban bajoiela esan aurretik.
Horren alboan, mutilen eskola modelikoa zan. Mutilen eskola Udaletxean bertan egoan. Udaletxea barriztatu ebenean, herriko zerbitzu guztiak batuko ebazan edifizioan pentsatu eben: taberna, kartzela, alhondiga, udal-egoitzak, medikuaren kontsulta eta mutilen eskola. Mutilen maisua Charroalde izeneko gipuzkoar bat zan; 48 urte egin ebazan maisu Aulestin. Bere ondoren etorri zan Herrero, hain zan maisu ona eta hain ondo erakusten eban, soldata altxatu eutsela. Mutilen eskolarako ahalegintzen ziran euskara ekien irakasleak aukeratzen, herritarrak dotrina euskaraz emoteko eskatzen ebelako eta ikusten ebelako arazo handia zala maisuak umeek hizkuntza ez menperatzea. Mutilen eskolan, 60 lagun inguru ebizan sasoi honetan eta guk dakigula zarata edo zikineriagatik kexarik ez zan egon eta gerra sasoian Charroalde maisuak bardin bardin segidu eban eskola emoten.
Neskentzako ez egoan holakorik; zetorren lehenengoa hartzen eben. Baina nesken eskolak txarrena ezagutzeko eukan…Nicolasa Baldomera Garcia Palacio izeneko maistra karrantzarra.