Kirolarena moda kontua be bada. Pasa dan astean esan gendun palankariak zirela XX. mende hasierako izarrak. Ehun urte arinago, bolo-jokalariak izango ziren beharbada.
Gaur egun bolatoki bakarra daukagu, Urregaraiko beheko zelaikoa eta badakit Zarrabenta tabernan be badagoela.

Asko galdu da boloetan jokatzeko ohitura baina probalekuak, frontoiak edo futbol-zelaiak baino arinagotik, kalean, 3 bolatoki izan ziren.
Orain 300 urte bolatoki publiko bi egozan; bata Torrezelain eta bestea San Esteban ermitaren alboan.
San Esteban ermita gaur egun desagertuta dago eta bere lekuan kanposantua dago. Ez dakigu noiz egin eben bolatoki hau; baina egurrezko tejabana 1765ean konpondu eben herriko arotzek.
Bolatoki biak herriarenak ziren eta errentan emoten ziren. 1866an errentara atara zanean Torrezelaikoa, bestea desagertuta egoan, esaten da 9 txirlotara jokatu behar dala, errentan hartzen dabenak bola atarateko ola jarri behar dabela, lurra beti ondo zapalduta eduki behar dala, ez dala alkoholik salduko eta abar.
Esan dodan lez, Torrezelaiko bolatoki hau, 1733an egin eben eta probalekua eta frontoia baino arinagokoa zan. Artxiboak ikusita, emoten dau, Errementariena etxearen alboan egoala, gaurko kaminoaren aldetik. Zehatz ez dakidan arren, kalkulatzen dot hemen izan behar zala.

Beranduago, 1840an, Udalak Torrezelaiko lurrak (Frontoia eta probalekua gaur egun) trukatu eutsozan Aulestia torreko jaubeari (Mugartegi markinarra) eta denporapasarako egokitu eban.
Hor antolatu eban ganadu-eria eta 1897an Kortanean bizi zan Manuel Urquidik pisu biko bolatokia egin eban 50 urtetan udalarena pasatzera izateko baldintzagaz.
Argi dago ez ebala horrenbeste aguantatu. Gaur frontoia dagoen lekuan egon behar eban bolatoki honek, probalekuaren alboan

Orduz geroztik, Torrezelai izan da deporterako eta denporapasarako gunea gurean. Are gehiago 1923an Osoko Bilkuran, probalekua plazatik Torrezelaira ekartzea erabaki ostean.