1970eko hamarkadako 3-4 urtetan izan ezik eta eliza egin zanetik, gurean beti egon dala mutilentzako eskola. Neskentzako eskolarik, ostera, ez da egon orain 150 urtera arte.
1810ean, Frantsesen sasoian, udal-agintariek neska eta mutilentzako eskola jartzea proposatu eben eta Juan Bautista Belaunzaranek (Udaletxea, kanposantua, Ubilla etxea eta errepidea) arkitekto lekeitiarrari proposatu eutsen planoak egitea. .[1]
Baina Foru Aldundiari txostena eskatu jakonean, Ansotegi markinarrak diputazioaren izenean, ezetza emon eban. Aulestiarrak barriro egin eben proposamena eta kalkulu zehatzak egin zituzten: ardau pitxerreko bi erril gehiago kobratuta (eta paittar azunbreko erril bat) eta horrez gain, Basabarriko hariztia salduta, 12 urtetan obra pagatzea aurreikusten eben.
Kontua bertan behera geratu zan Diputazioak barriro ezetza emon ebanean eta horren ostean kontua mende erdiz ahaztu egon zan.
Baina 1861eko udabarrian, Foru Aldundiak berak oraingoan, neskentzako eskola ipintzeko agindu eutson Aulestiko herriari; horretarako gitxienez 2.200 erreal eta maistrarentzat eta bere familiarentzat etxea ipintzeko esaten eutson. [2]
LEHENENGO ARAZOA: DIRUA “Miserable calle”
Diputazioaren eskaerak estuasun handia sortu eban; dirua zan arazoa. Alkateak, neurriaren grabedadeaz konturatuta, Osoko Bilkura deitu eban biharamonerako eta Gregorio idazkariak kontu handiz prestatu eban Foru Aldundiari bidali beharreko erantzuna: Marokoren kontrako azken gerra, 5.000 ogerleko baino gehiago kosta jakon Aulestiri; zirujauaren soldata, urtean 7.000 erreal zan eta mutilen eskolako maisua, urtean 3.300 erreal kostatzen zan. Gainera
“tal escuela (neskena) se conceptúa aquí de poca o ninguna utilidad, puesto que todo el vecindario se compone de meros labriegos que viven en barriadas separadas entre sí y todas muy distantes del centro que es una miserable calle, cuyos habitantes igualmente se dedican a la labranza de tierras y sin distinción de sexo, como se vé en todas las anteiglesisas de Vizcaya. Asi es que las familias si bien suelen tomar algún empeño porque los niños aprendan alguna lectura y escribir alguna cosa, no hacen lo mismo con las niñas. Por eso en su gran parte la concurrencia actual y de siempre de la escuela es de niños”.[3]
Arrazoi guzti honeek ez eben Foru Aldundiaren bihotza bigundu eta erantzuna bizkorra eta argia izan zan: ez egoala aitzakiarik, jartzeko behingoz neskentzako eskola.
Marokoko gerrako zorrak ordaintzeko saldu eben herri-basoaren azken txanponekin, Gregorio Ibañez idazkariak doan utzi eban Argiñeneko etxearen bigarren pisuan jarri eben lehenengo neskentzako eskola.
Baina txarto hasitakoak txarto jarraitzen dau. Nesken eskolak, arazo handiak izan zituen. Eskola hasita lasterrera, Argiñeneko etxean, lehenengo pisuko ugazabak dirua egiteko bidea ikusi eban. Jose Luis Lequerica ez zan han bizi baina nesken joan etorriak ataratzen eban zaratagaz eta sortzen eben zikineriagaz, errenteroak uxatzen deutsezela adierazi eban eta azkenean, modu elegantean, eskaria:
“…que todos estos quebrantos justifican seguramente el derecho de una indemnización y el recurrente sin exhorbitancia se permite solicitar a VS una cuota metalica anual cuya entidad cede a su prudente discreción”. Eskutitza, alkateari zuzendua egoan eta Jose Soloaga Alkatearen erantzuna Foru Aldundiak aurretik emondakoaren antzekoa: egoteko ixilik.[4]
Datorren astean arazo gehiago.
[1] Bizkaiko Foru Agiritegia; Aulesti fondoa J215/025. 225. orria
[2]Bizkaiko Foru Agiritegia; Aulesti fondoa J034/023
[3] Bizkaiko Foru Agiritegia; Aulesti fondoa J034/023
? Bizkaiko Foru Agiritegia; Aulesti fondoa J035/027