Gure aitite zanak esaten eban bere gaztaroan inguruotako palankaririk onena Andres Lexarra zala eta honek Mendatan egindako joko batera Aulesti guztia joan zala eta praketako joskurak be galduta etorri zirela.
Andres Lexarra edo Andres Atxitturri, Andres Uriguen Landeta zan, 1890ean jaioa Lexarran

Danok aurpegia ipintzeko, Atxitturriko etxea egin eban, Isabel Urigüenen aita eta Juan Carlosen aittitte.
Inazio Ibekatxen sasoiak amaituta, Andres, Inazioren marketan ebilen Mendatako Juan Goirienagaz jokoa zarratu ebanean. Juan Goiriena, mutil gazte indartsua zan. 1892an jaioa Lezartzaganen, Arratzuko kanposantua pasatu eta eskumatara ikusten dan baserri batean (Mendatako lurrak).
Kasualitatez, handik urte batzuetara Goirienaren ondorengoak Aulestira etorri ziren: Mari Isabel Goirienaren aittitte izan zan Juan.
Apustua 1906ko apirilaren 15ean egin zan Mendatan (urteagaz nahastea daukat), meza ostean, jueza palankari ospetsua izandako beste bat, Mendatako sakristaua eta Juan Gorienaren osabie Jose Maria Goiriena Bilbao
Jokoaren inguruko gora beherak Amurizak jaso ebezan “Bizkaiko bertsogintza II” liburuan eta Antonio Zavalari hartutakoa dira.
Esan behar da, Jokoa mendatarrak irabazi ebala baina aulestiarrek ez zirela pozik geratu juezaren erabakiagaz eta sasoian kontuak zabaltzeko erabiltzen zen moduan, ondorengo bertsoetan jarri zituzten mendatarrek eta aulestiarrek.
Mendatarren bertsioa Inazio Zabalena “ Xerendieta” izeneko batek emoten dau eta modu dotore honetan aurkezten deuskuz palankari biak: Juan Goiriena, “Lezartzagane” etxekoa (osabie juez egin ebana)
Lezartzagana etxiek
badeuko hagie
bendien ibiltteko
Bizkaiko plazie.
Lehenago zen osaba
orain da lobie.
Eta euren kontrarioa, hau da, Andres Lexarra
| Edadien konforme gorputza polite hain da mutil ederra begira egon leike. | Azala urdine gorputze sotile Nariarrak hazi dabe ederra mutile. |
Baina… mendatarrak irabazi
Biak joango zirian
irabazteko ustian
desgrazi bat pasau da
horregaz Aulestian.
Eta adarjotzaile agertu. palankaria, jueza eta marka (zoztra) jartzen ebilen Felipe, konplize modaun agertzen dira lakarreri berretxoak egiten.
| Mendatara batu ziran hiru palankari Juanek bota eta sakristauak ekarri. | Felipe Urrutxua Aurrian zoztrari barre egiten zion hirurak alkarri. |
Jokoan engainatuak izan zirelakoan eta Xerendietak adarra jotzeko idatzi ebazela bertsoak pentsatuta, aulestiarrek be bertso-paperak idatzi zituen. Hemen Jose Mari Legarra Artitxakoak eta bere auzo Ibekatxko Inazio Onaindiak idatzitakoak aurrekoari erantzunez.
Mendatan jokatu zan
palanka jokua
ha ikusten joan zan
lagune nahikua
Eta kontrarioa, hau da, Juan Goirienari buruz, itxuraz ikaragarrizko mutila zala, beldurra sortzeko modukoa eta horrek, apostuak bere alde jartzera eroan zituela.
| Juan egin zanien plazara agertu zezena egin jjakun guri begittandu | plazie nola zeuen laster zan agertu Andres ez eban harek asko alegratu. |
Halandabe, itxura baino ez da. Mendatan Juanek egindako marka, ez da oso ona berak beste gauza bat pentsau arren.
Galtzearen arrazoietako bat Andres gaztea dala da, 18 urte deukoz, behin eta barriro esaten dan lez baina laster onduko ditu Juanen markak.
Uste dau ein ddabela
markie betiko
libertade danak hartuta
hiru oin ta biko
ez da marka handidxe
hori Bizkaireko
Lexarrak borrauko dau
haren sasoirako.
Izan be, 18 urtegaz, Bizkaiko palankaririk onentzat dago Andres Lexarra ze Pedro Ibargoitiak (Ibargoitti) Bizkaiko palankari txapelketa irabazteko Markinan egin eban marka ondu eban eta bertso-jartzaileek ez eben ikusten Juan (garbi jokatuta) hori egiteko gauza.
| Erregelan sartuta hiru oin ta seiko Ibargoittik Markinan apuntaurik dauko | ez dakit Juan danik harek egiteko kondiziño honetan: garbi ibiltteko |
Gaztea izateaz aparte, galtzearen beste arrazoia aulestiarren esanetan, jokoa zikina izan zala eta jueza aldekoa.
Lezartzagana hori
ez da oso egokidxe
eskuan emoteko
pixka bat grazidxe.
Hanketan ez da bera
entero garbidxe
apaizak emongo dau
horren sentezidxe
Aulestiarren kexa zan Juan Goirienak marra zapaldu ebala palanka jaurtzerakoan eta tiroa nuloa zala baina juezak, hau da, Mendatako sakristauak (apaiza esaten da bertsoan) eta Juanen osabak, ontzat emon ebala.
Eta ondoren istiluak egon zirenaren susmoa. Jendea protestaka hasi zanean, guardia zibila sartu zala.
Gizon bat aurkitu zan
plaza hegalian
Aulestiarren alde
berba eiteko ustian.
Zibilak hartu zuten
Inpentsamentian
sartu bihar ebela
kartzela batian.
Eta Xerendieta bertsolari mendatarraren kontra amaitzen dabe.
Iñazio Zabalena
egin jaku hasi
bera izatekotan
bertsuetan nagosi.
Zerbait hobetoago
biharko dau ikasi
ofizio horretan
gure badau bizi.
Hortik aurrera, Andresek segidu eban palanka botatzen baina apustuetara baino gehiago sortu barri zan EAJ alderdiaren idearioa zabaltzen dedikatu zan. Izan be, Andres Uriguen EAJko militantea izan zan lehenengo momentutik eta XX. mende hasiera horretan, PNVk antolatzen zituen jaialdietan parte hartzen eban palanka-jaurtze erakustaldiak emonaz.

Euskalduntasunaren inguruetako entziklopedietan be agertzen da eta Bernardina Madariagaren esanetan, Errepublikaren azken egunetan hil zan, “de facto”ko alkate zala herrian.
Hau dana kontauta, gaur egungo herriko bertsolarien zain geratzen gara. Galdos, Antsotegi, Zarate…edo beste apellido ilustreren bateko bertsolariak bazarie, hau da kontrakronika egiteko tokia.