AULESTIATARRAK

Telebistako pelikuletan lez, guk be izan dogu gure familia: Aulestiatarrak. Gaurko hau sarrera bat da, familiaren aurkezpen bat eta datozen asteetan, hobeto ezagutzen joango dara gure jauntxoen ibiliak eta istoriak.

Gutxi gorabehera 1000. urtetik eta 1600 ingurura hemendik eta handik dirua eginez ibili izan ziren: sagarrak, garia, basoak, ikatza, errotak, burdinolak eukezan; herrira sartzeko errenta kobratzen eben, 25 baserriren jabe izatera heldu ziren, herentziengatik kobratzen eben, elizan emondako sakramentuengatik eta jauntxo eta esklabuen arteko harremanak sortu ebezan herriko bizilagunekin.

Juan Manuel Gonzalez Cembellinek, Bizkaiko Eliz museoaren arduradunaren arabera, XII mendearen amaieretan etorri ziren Urkiza izeneko etxe batetik.

Ordurako, Aulestiko kalea gune komertziala izaten hasia zan Lekeitiorako bidean eta Urkizatarrak hori aprobetxatu nahi izan eben etxea egin ebenean Aulestin. Izan be, Aulesti, gaur egungo torrea dagoen lekuaren izena da; tokiak emoten deutso izena familiari.

aulestiatarrak 1
Engracio Aranzadi “Kizkitza” 1930

Familia endekatzen joan zan eta azken Aulestiatariko batek, Juan Francisco Aulestiak, 1685ean, familiaren azkenak ikusita Aulestiatarren historia idatzi eban eta pasa dan astean komentatutako izenburu luze hau jarri eutson:

Datozen asteetan Aulestia familiari buruz esango doguna, MEMORIAL honetatik ataratakoa izango da. Bertan, berak, Juan Francisco Aulestiak, entzundakoa eta beste paper batzuetan ikusitakoa, Aulestia leinuaren historia, kontatzen da. Familiaren historia ezagutzera emoteaz gain, linajearen inportantzia azpimarratu nahi eban; eta ikusiko dogunez, Aulestiko elizari pagatutako errenta eta hamarrenen zati baterako eukazan eskubideak be markatu nahi izan zituen.

Juan Patxik kontatzen dabenez, Aulestiatarrak Nafarroako Erregearen ondorengoak dira, ez gara makalak!

Eta Mulutegiko “Aulesti” izeneko lekuan etxea egin eban lehenengoa, Diego Garcia Aulestia izan zan.

Ibarguen Cachopinen kronikan agertzen danez, lehengo Torretxe hau erre egin eben banderizoek eta Pedro Ibañez Urkizak berregin eban.

Erdiaroaren amaiera aldera Muxika Butron familia eta horien barruan aulestiatarrak, Isabel Kastillakoaren alde egin eben Kastilla izan ziren gerra zibiletan. Gero, Granadako konkistan ibili ziren eta indartsu eta aberats sentidu ziren barriro eta 1500 urte inguruan, gaur egungo torretxea egin eben eta apur bat beranduago, Eliza egitearen negozioan inbertidu eben.

Handinahiak izateaz gain, Aulestiatarrak ñoñoak be baziren. 1500 urtean modaz pasatuta egoan Torretxeak egitea. Begiratu sasoi horretan zelako etxea egin eben Argiñenean eta urte batzuk beranduagoko Munitibartarren jauregia.

aulestiatarrak 3
Desagertuta dagoen Munitibar jauregia
aulestiatarrak 4
Argiñena jauregia Aulestin

Espainiako errege katolikoen sasoia zan eta banderizoen gerrak amaituta egozan. 1500 inguru horretan, jauregiak egozan pilpilean; bizi izateko toki elegante eta epelak eta ez torretxe militarrak. Aulestia torrea, Bizkaian egin zan azkenengotariko torretxea izango zan.

Eliza

Gaur egun arte heldu jakuzen aulestiatarren ondare nagusi biak Torretxea eta Eliza dira. Bata bizilekua, bestea negozioa.

Elizaren hasiera 1528an ezarri ahal dogu, ordukoak da sepulturen banaketa (sakristiaren atean dagoen harria Torretxekoen sepultura izan ahal dala pentsetan dot, geratzen dan bakarra) . Antza danez, 1450 inguruan, sute handi batek 25 etxe erre zituen herriaren erdian eta hori aprobetxatuz, Aulestia familiak bere pariente Muxika-Butroigaz eta Ciudad Realeko dukeagaz elkartu eta negozio barri bat hasteko dirua jarri eben. Eliza beti izan da negozio bat eta Aulestiko eliza be holan sortu zan, dirua egiteko beste modu bat.

Esan dogu Aulestiatarrek egin ebela eliza baina egin egin herritarrek egin eben auzolanean, Aulestiatarrak “patroiak” ziren: harginak kontratatu, eliza jantzi, abadeak aukeratu…horren truke, herritarrek urtero pagatzen ebenaren zati handi bat eurentzat zan: hamarrenak, enterruak, dirua mailegatzea, prozesioak, bulak…

Hortik aurrera, gure leinu ponposoak endekatzera egin eban; Burdinagaz lotutako familia indartsuago batzuk hasi ziren agertzen: Arespakotxaga (beranduago Gorordo) familia eta batez be Ibañez de Aldekoatarrak.

“Memoriala” idatzi eban Juan Franciscoren ondorengoa zan Juan Tomas Aulestia hil zanean ez eban utzi ezkontza barruko semerik edo alabarik baina bai ezkontzaz kanpoko seme naturala: Fernando Aulestia.

Hasiera batean Fernando hau geratu zan Torreagaz eta ondasun guztiekin baina bere aitaren lehengusina zan Maria Okak epaitegietara eroan eban kontua eta arrazoia emon eutsen; izan be, sasikoek ezin eban herentziarik hartu.

Torrea eta ondasunak; Maria Okaren eskuetara pasatu ziren. Maria hau, Pedro Fernandez Mugartegi markinarragaz ezkonduta egoan eta holan, Aulestia torrea markinarrentzat izan zan.

aulestiatarrak 5
Solartekua edo Mugartegi jauregia Markinan; gaur egungo udaletxea. Pedro Fernandez Mugartegiren aitak egin eban etxea 1666an

Leave a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to Top