Gerra zibila gurean be gogorra izan arren, inguruetako herri askotan gehiago sufritu eben. Halanda be, gerra zibilari buruzko pare bat kontu jasoko ditugu datozen asteotan.
1937ko neguan, frentea Markina gainean egon zan. Errepublikarren defentsa, errepublikanoak Lekoiztik ibili ziren Urkaregi eta Kalamuan egozan Francoren aldekoak bonbardatzen.

Gaur egun be, gerrako preminak sortutako hainbat espazio ikuskatu ahal doguz: Zelaitik Markinarako bidea (argazkian ikusten dana), defentsarako 3 bunker edo “parapeto(Igotzen, Zapolan eta Zapolazpin) eta Lekoiztik zelairako bidea be hobetu egin eben. Hori dana, frentea hor egon zan 3 hilabeteetan eta Frankisten bonbapean.
Baina azpiegiturak sortzeaz gain, Lekoizen pare bat kainoi jarri ebezan; bata bertan egon izan zan finko eta bestea batetik bestera erabiltzen eben.
Markinako “ahaztuen oroimena” elkartekoei ezker, badakizu zelako kainoia zan.

GUDARI, Euzko gudarostearen aldizkaria izan zan eta 6. alean, argazki hau agertzen da.
Konparatu argazkiak. Han atzeko mendietan, Santa Eufemia ermita dago eta kainoia, zelairako bidea hartu eta lehenengo kurban, gaur egungo Arteagako txabola alboan.


Kainoi handi hau, Ingalaterran egindakoa zan eta lehenengo Gerra mundialean errusiarrek erabili eben. Errepublikanoek honegaz defendatu eben Markinako frontea.

Kainoia ezin zan mobidu. Ezkutatuta eduki behar eben eta abioi faxistek ez ikusteko, pinu adarrekin tapetan eben eta manejatzeko ardura Donostiako Intxaurrondoko kuarteleko soldaduena zan. Gerra hasi zanean, Kuarteleko buruek faxisten alde egin eben baina soldadu asko errepublikaren alde borrokatu ziren. Adibidez, argazkikoak.
Kainoi handia zan, 60 librako munizioa erabiltzen eban. Munizio hau gordeteko, malaxtarrek polborina egin eben Arteagako kaleroaren alboan

Gernika bonbardatu ebenean, apirilaren 26an, Markinako frontea desegin egin zan, Lekoizko kainoia eroan eben eta Francoren aldekoak hilaren 28an sartu ziren herrian Gernikara bidean.