ROMERO IBARROLA I

Al bravo Julian Romero

El mas valiente español

Que ha nacido en nuestro tiempo

Lope de Vega

Orain 500 urte izan zan Espainiako inperioan fama handia hartu eban erdi-aulestiar batek; Lope de Vegak berataz idatzi eban eta El Grecoren kuadro batean agertzen da: Julian Romero Ibarrola.

romero ibarrola

XV, mendean hasi zan lehengo emigrazio sasoi handia gure herritarrentzat. Ameriketako ziderra ailegatzen hasi zan eta moroen lurretan elizak egin behar ziren. Horretarako hainbat aulestiar ibili zan Espainiako eta Ameriketako elizetan beharrean hargin eta arotz moduan beste batean kontatuko dogunez.

Emigrante hauetako bat Pedro Ibarrola izan zan. Ibarrolandia etxean jaio zan 1500 urtea baino lehen. Hargin ofizioa ikasita, gaztetaz joan zan Kastillerrira eta Cuencako Torrejoncillo izeneko herrira ailegatu zan hango elizarako kapila bat egitera.

Gure Pedrok han ezagutu eban Francisca Romero alarguna. Ezkondu ziren eta 1518an jaio zan gure protagonista Torrejoncillo del Rey herrian, Cuencako Alcarria eskualdean., nahiz eta laster joan ziren Huelamo izeneko herrira, Cuencako serraniara, hango eliza be egin beharra egoan eta.

Julian Espainiako inperioko tertzioetako soldadu

Julianek 16 urte eukazela, herritik pasatu ziren Tunezera bidean soldaduak eta eurekin joan zan Tanborrero eta motxilero moduan. Horren ostean soldadu bizitza luzea eta sutsua izan eban. Bataila bat bestearen atzetik, Eskozian ibili zan, Italian, Frantzian, Flandrian, mediterraneoan…Ingalaterrako Enrike VIII.ak “Sir” titulua emon eutson, Felipe II.enaren laguna izan zan. Mertzenario eta espia be ibili zan…

Harroputza eta biolentoa izan zan eta lehenengo urteetan gosea eta miseria pasatu zituen baina apurka, irabazitako batailekin, Herbereetan egindako masakreekin, sakeoekin, erretako hiriekin eta tertzioetan egindako beste “hazaña” batzuekin, gora egiten hasi zan militar moduan eta horrek dirua irabaztea esan nahi dau.

Santiagoko ordenako jauna

Diru nahiko eukala pentsatu ebanean, beste mundurako prestaketak hasi zituen eta Santiagoko ordena militar eta erlijiosoan sartzea eskatu eban, ordena hau prestigio handikoa zan baina bertan sartzeko, dirua izateaz gain, kristau zaharra eta aristokrata izan behar zan eta hori frogatzeko, tribunal batetik pasatu behar zan.

Gaztetaz amari gehiago gureko eutsan aitari baino ze Romero abizena erabiltzen eban baina Santiagoko ordena militarrean sartzeko (Romero) abizen honek judu usaina eukan eta orduan gogoratu eban aita bizkaitarra zala eta beraz noblea.

Aitaren abizen nobleagaz Santiagoko ordena militarrean sartu eta gizartean gora egiteko aukera eukan eta bide batez, zergak pagatzetik libratu.

Santiago ordenako epaileak Aulestira etorri ziren, Pedro Ibarrola aitaren jaioterrira. Epaileek ikusi behar eben Ibarrolandian bizi zirenak ez zirela ez juduak ez moroak ez gitanoa. Ibargüen Cachopinen kronikan agertzen da aipamen hau

vino para Auleztia a probar su dependençia e idalguía, e llevó ad fia provança, e tanbién el debuxo de las dichas armas, que son: en un escudo dos llaves atravesadas a manera de aspa de Sant Andrés, y, ençima de las dichas llaves, media luna e una estrella, que son las armas de la dicha casa e solar de Olaeta. E fue admitido en la dicha çiudad por honbre hijodalgo, dependiente de solar conosçido.

romero ibarrola 1

Erabiltzen eban ikurraren erdian, Aulestiko harmarria

La misteriosa muerte de Julián Romero, el «mediohombre» de los Tercios con el corazón gigante

Hori danori eginda, gure Julian Santiago ordenako zaldun izendatu eben eta Grecori hori erretratatzeko eskatu

romero ibarrola 2

Romero Ibarrolaren kuadroa, Grecok pintatua. Zutinik dagoena San Julian da, bere santua

Kuadroa pintatzea enkargatu ebenerako Espainiako tertzioen heroe handia zan. Gor egoan belarri batetik, itsu begi batetik, hanka bat falta eban eta mantxu geratuta egoan. Gerrez nazkatuta, etxera bueltatu zan. Horretarako enpreradoreari bere penak kontatu eutsozan

Ordurako gurasoak falta ziren; aita zezen baten adarkadaz hil zan.

Ondoren Madrilera joan zan eta herbereetan 3 seme-alaba zituen arren, Maria Gaytan de Ayalagaz ezkondu zan eta alaba eduki eben: Francisca.

Barriro Europara bialdu eben gerrara, baina 1570ean Aulestiko ezagutzeko 6 hilabeteko baimena eskatu eban eta gure artean ibili zan lehengusuagaz.

1578an hil zan Italian, ejerzituaren dirua Flandriara eroan nahian ebilenean. Zaldi gainean bihotzekoak edo emon eutson eta han geratu zan. Autopsian ikusi ei zan bihotza handia eta uleagaz eukala. Heroeak beti dira diferenteak.

Eta zelan ez, bere lurrean be gogoratzen dira. Cuenca hiriburura joan zarienok seguru bere izeneko kaletik pasatu zariela. Etxeen azpitik pasatzen dan hori da. Jose Luis Perales apur gorago bizi izan zan.

Leave a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to Top