Edonori galdetzen badeutsezu zein dan Aulestitik Markinarako bidean azken baserria, Arteaga esango deutsu. Eta ez da oker ibiliko baina ez da beti holan izan. XX. mendea ondo sartu arte, Lekoiztik beste aldera aulestiarrak egozan

Mapa hau 1756koa da eta 1560 inguruko beste baten kopia da. Ikusten danez, XVI. mendean hainbat etxe agertzen dira Meaben, Aulestiko mugen barruan (marra marroia). Izen bi be agertzen dira: Lecoyz eta Azpeitia.
1765ean, herriko mugen inbentarioa egin zanean esaten da mujoia dagoela “Ascotia” izeneko etxean eta Ascoitia hau errota izan zala “antiguo molino con vestigios de piedras y calzes”
Ez ziren txabolak baino askoz handiagoak izango; izan be, 1826an egindako poliziaren erroldan, bakarrik Lekoiz agertzen da eta etxebizitza bikoa da.
Baina Oinizen antzera, XIX mende amaieretan eta XX.enaren hasieretan auzotxoak booma ezagutu eban; beharbada kanteren indartzeak beharrerako aukera gehiago ekarri ebazelako; 1923an 7 etxe agertzen dira!: 3 Lekoiz, Egiburu, Atxerre, Berangai eta Sasibaso izenekoa.
Egiburu. Augustin Zubikarairen liburutik hartutako argazkia
Sasibaso non izan ahal dan ez dakit, ez da aurretik ez ostean agertzen eta entzun be ez dot inoiz egin; baliteke momentuko txabola bat izatea.
Berangarai, beheko kantera da; kantera moduan funtzionatu izan dau gitxienez XVI. mendetik eta harria ataratzeaz gain, kare asko egin izan da Berangain baina momentu honetara arte ez da agertzen izen horretako etxerik.
Egiburu XIX. mende amaieretan egin eben eta orain gitxi eratsi dabe guztiz; beheko kanteraren alboan egoan, askok gogoratuko dozuenez.
Atxerre edo Meabe Artadi be gaur egun desagertuta dago baina kantera abandonatu bat geratzen jaku izen horregaz eta komeni da eta merezi dau ezagutzeak ze ez da edozelako kantera bat; hortik harri asko atara izan dabe.
Lekoiz guztiak be hutsik dago; Lekoizgoiko edo Lekoizen hondarrak geratzen dira baina besteen errestorik ez dago inon, nahiz eta jakin badakigun Orrospenera bidean egola Lekoiztxikia edo Lekoizbekoa.
1930eko mapa. Marra gorria gaur egungo bidea. Puntu gorriak etxeak
Amaitzeko ezin aitatu barik utzi bertako biztanleak. Gerra zibilean hildako 7 aulestiarretatik 2 hemengoak ziren; Egiburuko Jose Maria Mendibe Urberuaga eta Atxerreko Tomas Barinaga Ituarte.
Gaur egun auzotxo osoa hutsik dago, ez dago beste aldeko aulestiarrik; azkena, laneko istripuz hil zan Atxarreko kanteretan 1940ko hamarkadan. Juan Barinaga eukan izena.